2017(e)ko otsailaren 15(a), asteazkena

GEOGRAFIA ETA HISTORIA: 4. NAFARROA

Unitate honetan lan bat egingo duzue Nafarroari buruz. 4 talde izango zarete eta talde bakoitzak gai bat landuko du:
1-Nafarroako erliebea
2-Hidrografia
3-Zonaldeak- klima
4-Naturgune babestuak

Zonaldeak
Nafarroako Foru Komunitateak –Iruña du hiriburu–10.932 km2-ko azalera du (gutxi gorabehera, 160 km iparraldetik hegoaldera eta 120 km ekialdetik mendebaldera, urrunen dauden muturretan) eta 640.000tik gorako biztanleria; horietatik, 200.000 pertsona inguru bizi dira hiriburuan. Iberiar penintsularen iparraldean dago, eta honako hauekin egiten du muga: mendebaldean, Euskadirekin; hego-mendebaldean, Errioxarekin; ekialdean, Aragoirekin; eta iparraldean, Frantziarekin, 163 kilometrotik gorako muga eginda.
Nafarroan bat egiten dute, eta kasu bakarra da Espainian, hiru eskualde biogeografikok: alpetarra, ipar-ekialdean; atlantikoa, ipar-mendebaldean; eta mediterraneoa, hegoaldean. Denbora joan ahala, dibertsitate horrek zenbait paisaia eta klima desberdin dituen komunitate bat marraztu du, eta, aldi berean, bestelako ezaugarriak ere baldintzatu ditu, hala nola herrien urbanismoa eta arkitektura, lurreko produktuak eta jendearen izaera bera.
Jarraian, nortasun propioa duten 4 eskualde bereiziko ditugu, iparraldetik hegoaldera aurkeztuta.

Valle de Roncal
PIRINIOAK

Iparraldean daude, eta Nafarroako eremu berdea da berez. Ekialdeko tontor garaiak, Belaguan eta Erronkarin, gainbehera datoz pixkana-pixkana Aezkoa, Baztan  edo Bidasoako eskualdean, Kantauri itsasora hurbildu ahala.
Erronkarin murgiltzen den bidaiariak bazter ederrak ezagutuko ditu, adibidez Belagua ibarra, glaziar-jatorria duena, edota Larrako Erreserba Naturalaren eremu karstiko zabala. Pirinioetan sortutako ibaiak azkar jaisten dira, eta besteak beste, Irunberri edo Arbaiungo arroilak landu dituzte bide horretan.  Mendebaldera, baso ikusgarriak hedatzen dira paisaian, hala nola Iratiko oihana, Kintoa edo Bertizko Parke Naturala,  ezin ederragoak ageri direnak udaberri eta udazkenean.
Baztandik hurbil leku enblematikoak ditugu, adibidez, Urdazubiko edo Zugaramurdiko leizeak; azken horiek sorginei lotuta egon ziren iraganean, zeluloidean ikus dezakegunez.
Mendebaldeko muturrean Urbasa-Andia parke naturala zabaltzen da, artzain, leize-zulo eta monumentu megalitikoen lurraldea, eta Aralar mendia ere bai; Plazaolaren bide berdea (halako 4 daude Nafarroan) iragaten da azken horren bazter askotan barna.
Ongi zaindutako herri eder-ederrak ageri dira nonahi Pirinioen alde guztian. Izaba, Otsagabia, Ziga, Etxalar, Lekunberri…; horra hor adibide gutxi batzuk. Haietan dauden harrizko baserriak monumentuak dira berez, eta denok ezagutzeko moduan daude, maiz landetxe bilakatu baitira. Haietan, zure zain daude jende lasaiak, xaloak eta isilak.
Eta lurralde honetan paisaiak nabarmentzen badira ere bereziki, monumentu interesgarriak ere badaude, garai bateko historia eta iraganaldira eramaten gaituztenak. Horrela, Orreagako Kolegiata Donejakue bideaz mintzo zaigu, kilometro batzuk lehenago sartzen baita Nafarroan, eta Aralarko San Migel santutegi erromanikoak gauza bera egiten du, baina hark Pirinioen idiosinkrasiaren parte diren mito eta kondairei buruz.
Gastronomia indartsua eta gozo-gozoa da. Hona hemen Pirinioetako jaki-edari gozo-gozoak; ehizakiak; txuletoia; izokin-itxurako amuarraina; esnekiak, hala nola mamia edo Erronkari zein Idiazabal Jatorri Deiturako gaztak; tututxoak; basoko zizak eta fruituak; sagardoa eta likorrak, bertako patxarana adibidez.

Pamplona

IRUÑERRIA


Pirinioen oinaldean dago Iruña, hiri berde eta gotortua. Parke eta lorategi handiak eta ederrak daude alde zaharraren inguruan. Alde zaharra ongi zainduta dago, oinezkoendako prestatua kasik oso-osorik, eta gonbita egiten du bertako karriketan galdu eta bidean aurkituko dituzun hamaika tabernatan eskainitako pintxo gozo-gozoak dastatzeko. Nahiago baduzu mahaian eseri, Nafarroako edozein plater tipiko probatzeko aukera izanen duzu, eta ziurtatu egiten dizugu primeran janen duzula. Monumentu garrantzitsuenak daude hiriaren parte horretan; Santa María katedrala, zeinaren klaustroa gotiko frantziarraren maisulana baita; San Saturnino eta San Nikolas eliza-gotorlekuak; edo Kontuen Ganbera. Alde zaharraren inguruan, Monumentu Nazional izendatuta dago Erdi Aroko harresi-multzoa.
Ezaguna da mundu guztian sanferminak direla kausa, eta lasterkariak eta zezenak urtero uztailaren 7tik 14ra bitarte ibilitako kaleak ezagutzeko aukera izanen duzu, edo, bestela, San Lorentzo elizan dagoen San Fermin kapera bisitatu.
Era berean, historiaz eta erromesez lepo eginda doa Donejakue bidea hiriaren ekialdetik hegoaldera, Magdalenako Erdi Aroko zubitik sartu eta Ziudadela eta unibertsitate-campusetik atera bitarte.
Ihesalditxo berde bat egin nahi baduzue Iruñean bertan, estilo desberdinetako parke batzuk daude hirian: Yamaguchiko parke japoniarra, Taconerako parke frantsestua, Ziudadelako harresitua, Media Lunako erromantikoa edo Nafarroako Unibertsitateko campusa bera –Nazioarteko ospea duen hezkuntza- eta osasun-zentroa–.
Eta beste aukera bat, 24 km-tan zehar oinez edo bizikletaz egitekoa, Argaren ibai-pasealeku zoragarria da. Harresiaren behe-aldean dago, eta, bidean barna ibiliz gero, Erdi Aroko zubiak eta zubi modernoak, arrantzariak, piraguak, zenbait fauna, kirola egiteko eremuak, haurrentzako parkeak, merenderoak eta baratzeak aurkituko dituzu, besteak beste. Kontrapuntu erlaxagarria eta bisuala, hiriaren zorabiotik deskonektatzeko modukoa.
Nafarroako ondarearen berri izateko, Historiaurretik hasi eta egundaino, ezinbestekoa da bisita bat egitea Nafarroako Museora eta beste bat Nafarroako Unibertsitateko Museora –bitxi arkitektoniko bat, espazio eta bolumenengatik–.
Eta bukatzeko, joan Altzuzara, Iruñetik 10 minutura, Jorge Oteizaren bilduma pertsonala biltzen baita han; XX. mendeko eskulturaren sortzaile garrantzitsuenetako bat da Oteiza. 

Viñedos de la Zona Media

NAFARROAKO ERDIALDEA


Hegoalderako iragatean, Nafarroako Erdialdea historiaren sinonimoa da. Herri gotortuak, harresiak, gazteluak eta jauregiak altxatzen dira harro lurralde horren ezaugarri diren muino suabe, mahasti eta zereal-soroen artean. Donejakue bidea ardatz nagusi hartuta, ekialdetik mendebaldera zeharkatzen baitu, Zangoza aurkituko dugu lehenik, ezaguna Santa Maria elizaren portada erromaniko apartagatik. Handik hurbil, Leireko monasterio beneditarrean kantu gregorianoak entzun daitezke oraindik ere, eta Xabierko gaztelua ere ikus dezakegu, Nafarroako patroiaren sorlekua.
Eta ez oso urrun Erriberri dugu, jauregi gotiko lerdenagatik ezaguna, eta Uxue ere bai, Santa Maria eliza-gotorleku ikusgarria buru duen muino batean eraikia.
Orba ibarra gurutzatuta –landa giroko erromaniko onena dugu bertan–, Artaxoako harresi-zerkora iritsiko gara, baita Eunateko Santa Maria eliza oktogonal enigmatikora ere. Handik gertu Gares dago, eta, han, Donejakue bideko bi adarrek bat eginda, bideak zubi erromaniko dotore batetik uzten du herria kale nagusian alderik alde ibili eta gero.
Errioxako lurraldera bidean jada, Lizarrara iritsiko gara; hiri historikoa da, eta han etengabea da erromesen jarioa. Giro handiko kaleetan arkitektura erromanikoaren adibide ederrak aurkituko ditugu, hala nola San Pedro de la Rúa elizako klaustroa, San Migel eta Hilobi Santuaren elizetako portadak edo Nafaroako errege-erreginen jauregia.
Inguru hurbilean, ikusi beharreko bi monasterio daude, Iratxe eta Irantzukoak; azken hori Urbasa mendian dago, Urederraren iturburuko ur turkesa ederrak ere protagonista diren mendi horretan. Eta ibilbide historiko hori bukatzeko, eliza garrantzitsuak daude, beste herri batzuetan ere, esaterako Los Arcos, Torres del Río eta Vianan.
Ahosabaia behar bezala gozatzeko, txerrikume errea probatu behar duzu, ospe handiko Zangozako potxak, boilur preziatua eta hainbat motatako gozokiak; eta uztartu haiek guztiak tradizio handiko ardoekin edo moskatel liluragarriekin.

Laguna de Pitillas
ERRIBERA

Erribera alaia eta irekia da. Lurralde laua, makal, sahats eta txopoz beteriko ibai-ertzak dituena, eta Errege Bardeako Parke Natural ikusgarria ere bai; erdi-basamortua den eremu bat da hori, ia ilargi-itxurako paisaia duena, ordoki, muino eta sakanek osatua.
Tutera, Erriberako hiriburua, arabiarrek fundatu zuten IX. mendean, eta poeta, filosofo eta bidaiariak sortu ziren han bizi izan zen komunitate juduan. Katedrala da bertako bitxi monumentala, meskita baten gainean egina; horretan, nabarmentzeko modukoak dira Azken Judizioaren portada erromaniko ederra, klaustro erromanikoa eta Santa Anaren –hiriaren patroia dugu– kapera barrokoa.
Erriberan, bisitatu beharreko tokiak dira, baita ere, La Olivako monasterio zistertarra, baita Fiteroko edo Tulebraseko monasterioak ere. Corella, jauregi barrokoak eta errenazentistak baitaude bertan, edo Tarazonicako bide berdea ere aukera interesgarriak dira.
Ez ahaztu barazkien erresuman zaudela. Lurralde horren baratze-tradizioak nazioarteko ospea duten produktuak eskaintzen dizkigu, hala nola pikillo-piperrak, Tuterako kukuluak, zainzuriak edo alkatxofak; horietako batzuk plater nagusiaren protagonistak dira, barazki-menestrarenak, alegia.
Urrezko akabera hainbat kolore, usain, zapore eta jende mota eskaintzen dituen lurralde gozagarri eta gogoangarri batean.